IKASI DEZAGUN JESUSENGANDIK
Benetako bakea mundu osoan
Guztiok mundu baketsu batean bizi nahi dugu. Historian zehar, giza agintariak gatazkak gelditzen eta bakea ezartzen saiatu dira. Batzuetan, denbora batez hori egitea lortu dute. Baina zoritxarrez, gatazkak bueltatu egin dira. Lortuko al da inoiz benetako bakea munduan? Bai! Ikusi zer esan zuen Jesusek eta zer egingo duen.
Jesusek egingo duena
Zer egingo du Jesusek laster munduan benetako bakea ezartzeko? Aztertu dezagun Bibliak azaltzen duena.
«[Jesusi] Bakearen Printze deituko zaio izenez. Bere gobernuaren zabalkuntzak eta bakeak ez dute amaierarik izango» (Isaias 9:6, 7; NWT). Jainkoaren Erreinuaren agintari bezala, munduan inoiz bukatuko ez den bakea ezarriko du.
«Berak libratuko du laguntza eske oihuka ari den behartsua, nork defendaturik ez duen dohakabea» (72. Salmoa 12-14). Jesusek bere agintea benetako justizia lortzeko erabiliko du. Horrela, gerrak, biolentzia eta sufrimendua desagertuko dira.
«Ez da naziorik nazioren aurka altxatuko, ez dira gehiago gudurako prestatuko» (Isaias 2:4). Jesusen agindupean biziko diren gizakiek, borroka egiten ikasi ordez, baketsuak nola izan daitezkeen ikasiko dute.
Jesusek etorkizun baketsu hori nola ekarriko duen eta zu mundu horretan nola bizi zaitezkeen jakiteko, ikusi Zer da Jainkoaren Erreinua? bideo laburra.
Jesusek irakatsi zuena
Gaur egun ere, Jesusen irakaspenek milioika pertsonei modu baketsuan bizitzen laguntzen diete. Oso ezaguna den bere Mendiko Hitzaldian, Jesusek eguneroko bizitzan bakea izateko printzipioak irakatsi zituen. Hona hemen adibide batzuk:
«Zoriontsuak bakegileak» (Mateo 5:9). Jesusek bere jarraitzaileak liskarrak saihestera eta bakeak egitera animatu zituen.
«Lehendabizi, zoaz eta egin bakeak zure anaiarekin eta, ondoren, itzuli zure oparia eskaintzera» (Mateo 5:23, 24). Jesusek entzuleei beraien arteko eztabaidak segituan konpontzeko esan zien. Gainera, Jainkoarekin harreman estua izateko, besteekin bakeak egitea ezinbestekoa dela irakatsi zuen.
«Utzi epaitzeari, horrela ez zarete epaituak izango» (Mateo 7:1). Jesusek besteak gogorki ez epaitzeko esan zuen. Gainera, gu egiteko gai ez garena besteei ez eskatzeko aipatu zuen. Horren ordez, bere jarraitzaileak besteen akatsak barkatzen segitzera animatu zituen (Lukas 6:37).
Munduan badaude Jesusen irakaspenak aplikatzen dituzten pertsonak. Biolentziaz eta banaketaz jositako tokietan ere, tirabirak amorrurik izan gabe konpontzen, barkaberak izaten eta besteak zakarrak direnean ere maitekorrak izaten ikasten ari dira.
Jesusen irakaspenek pertsona batzuei bakea aurkitzen nola lagundu dieten ikusteko, irakurri «Nola lortu daiteke bakea gerrak eta gatazka bortitzak existitu arren?» artikulua.