2026KO APIRILAREN 20-26
49. KANTA Poztu Jehobaren bihotza
Jarri ezazu bataiatzeko helburua
«Orain da bereziki garai egokia!» (2 KO. 6:2).
IDEIA NAGUSIA
Orain da unerik aproposena Jehobarekin adiskidetasun estua lantzeko eta bataiatzeko.
1. a) Zeintzuk dira bataiatzean lortzen ditugun onura batzuk? b) Zer galdera erantzungo ditugu artikulu honetan?
ZEURE burua eskaini al diozu Jehobari eta bataiatu egin al zara? Hala bada, kontzientzia garbi bat eskatu diozu Jainkoari (1 Ped. 3:21). Gainera, eredu bikaina jarri diezu zure kongregazioko gaztetxoei eta duela gutxi Biblia aztertzen hasi direnei. Zalantzarik gabe, bataiatu zinenean, erabaki bikaina hartu zenuen! Baina, oraindik bataiatuta ez bazaude? Seguruenik, Jehoba maite duzu eta bera zerbitzatu nahi duzu. Gainera, badakizu zure bekatuak barkatuak izateko eta Jehobaren aprobazioa izateko ezinbestekoa dela bataiatzea (Eg. 2:38-40). Baina, agian, oraindik zaila egiten zaizu erabakia hartzea. Zerk lagundu ahal dizu? Artikulu honetan hurrengo galderak aztertuko ditugu: 1) Zergatik atzeratzen dute batzuek bataioa? 2) Zergatik da garrantzitsua azkena hurbil dagoela gogoratzea? 3) Zergatik da beharrezkoa lehenbailehen bataiorako prestatzea?
ZERGATIK ATZERATZEN DUTE BATZUEK BATAIOA?
2. Zergatik ez dira bataiatu batzuk oraindik?
2 Batzuk ez dira bataiatzen beldur direlako. Adibidez, Jehoba zerbitzatu nahi izan arren, Jehoba pozteko gai izango ez diren beldur dira. Horrela sentitzen bazara, gogoratu Jehobak ez duela zugandik perfekziorik espero eta, zure hoberena ematen badiozu, pozik egongo dela. Zergatik ez dituzu hori erakusten duten Biblia bertsetak irakurtzen zeure burua konbentzitzeko? (Sal. 103:13, 14; Kol. 3:23). Bestalde, bataiatzeagatik besteen oposizioa jasango ote duzun beldur bazara, eskatuiozu laguntza Jehobari salmogilearen konfiantza bera izateko: «Jauna nire alde, ez naiz beldur: zer egin dezake nire kontra gizakiak?» (Sal. 118:6).
3. Zergatik atzeratzen dute beraien bataioa beste batzuek? (Ikusi irudia ere)
3 Jehoba maite duten beste batzuek beraien bataioa atzeratzen dute ezagutza nahikoa ez dutela pentsatzen dutelako. Baina, zenbat jakin behar duzu bataiatu ahal izateko? Ikusi dezagun Bibliako pasarte bat. Gau batean, Jehobak lurrikara bat eragin zuen Paulo eta Silas kartzelatik askatzeko. Horri esker, bi dizipuluek kartzelariari eta bere familiari testigantza emateko aukera izan zuten. Kartzelariak eta bere familiak, ziurrenik, gertatutakoa Jainkoaren mirari bat izan zela ulertuko zuten. Gainera, Jehoba eta Jesusi buruzko irakaspen garrantzitsuak ikasi zituzten. Ondorioz, gau bakar batean ikasi zutena nahikoa izan zen «berehala» bataiatzeko (Eg. 16:25-33). Orduan, zer egin behar duzu bataiatu ahal izateko? Jehoba ezagutu, bera bihotz osoz maitatu, oinarrizko Biblia irakaspenak ulertu, zure bekatuez damutu eta Jehobaren arauen arabera bizitzea erabaki (Mar. 12:30).
Paulok eta Silasek kartzelariari eta bere familiari testigantza eman zieten eta, ondorioz, «berehala» bataiatu ziren (Ikusi 3. paragrafoa)
4. Zergatik ez dira bataiatzen beste batzuk? (Ikusi irudia ere)
4 Jainkoa poztu nahi duten beste batzuek hori egitearen kostuan zentratzen dira. Noski, edozein erabaki hartu aurretik, ondo dago horren kostuan, edo zure bizitzan izango duen eraginean, pentsatzea (Luk. 14:27-30). Baina batzuek gehiegi pentsatzen dute Jainkoa zerbitzatzeko egin beharko dituzten sakrifizioetan. Adibidez, Candace-k egia txikitatik ezagutu zuen, baina inoiz ez zuen praktikan jarri ikasitakoa. Heldua zenean, Biblia ikastaro bat eskaini zioten. Berak honakoa dio: «Banekien Jehoba zerbitzatu behar nuela, baina munduan neraman bizimodua gustatzen zitzaidan. Banekien bizimodu hori atzean uztea oso zaila izango zela». Beste batzuk kristau bataiatuek jarraitu behar dituzten arau moral altuengatik kezkatuta daude. Adibidez, bataiatu ondoren bekatu larri bat egiten badute kongregaziotik atereak izango ote diren beldur dira. Horrelako gauzengatik arduratuta bazaude, zer egin dezakezu?
Jainkoa poztu nahi duten batzuk atzean utzi behar dituzten gauzengatik kezkatzen dira (Ikusi 4. paragrafoa)
5. Zertan zentratu behar gara bataiatzeko helburua badugu? (Mateo 13:44-46)
5 Zerbait erosi nahi dugunean, ez dugu prezioa bakarrik begiratzen, bere balioa ere kontuan hartzen dugu. Izan ere, balioa prezioa baino askoz ere handiagoa bada, normalean, berehala erosten dugu. Era berean, bataiatzeko helburua dugunean, ez gara zentratu behar egin behar ditugun aldaketen kostuan bakarrik. Horren ordez, Jehobarekin adiskidetasun on bat izatearen balioan pentsatu behar dugu. Jesusek, hori irakasteko, bi konparaketa erabili zituen (Irakurri Mateo 13:44-46). Konparaketa bakoitzean, gizonak zeukan guztia pozik saldu zuen aurkitu zuen altxor baliotsu bat erosteko. Zuk ere oso baliotsua den zerbait aurkitu duzu: Erreinuari buruzko egia. Beraz, egiaren arabera bizitzeko egin behar den esfortzuak merezi ote duen zalantzak badituzu, pentsatu arretaz Jesusen konparaketetan. Hurrengoa galdetu ahal diozu zeure buruari: «Benetan konbentzituta al nago aurkitu dudana oso baliotsua dela? Estimatzen al ditut Jehobarekin dudan adiskidetasuna, berak eman didan esperantza eta anaiarte maitekorra?». Galdera horien erantzunek bataiorako prestatzeko zer egin behar duzun argi ikusten lagunduko dizute.
6. Zerk lagundu gaitzake bihotzeko jarrera ona lantzen?
6 Jesusen nekazariaren konparaketak argi uzten du bihotzeko jarrera batzuek pertsona baten aurrerapen espirituala oztopatu dezaketela. Bestalde, konparaketa horren arabera, pertsona batzuek Erreinuaren mezua «bihotz zintzo eta onez» entzungo zuten eta aldaketak egiteko prest egongo ziren (Luk. 8:5-15). Eta zure kasuan, sentitzen al duzu zure bihotza zatituta dagoela? Hala bada, ez amorerik eman. Izan ere, Jehobak motibazio egokia eman ahal dizu berari obeditzeko. Eskatuiozu laguntza ikasi duzuna bihotzez maitatzeko eta zure bizitzan praktikan jartzeko (Eze. 18:31; 36:26).
7, 8. Zergatik ez dira bataiatzen gazte batzuk? (Ikusi irudia ere)
7 Jehoba maite duten gazte batzuk ez dira bataiatzen besteen influentziarengatik. Adibidez, irakasle batzuk beraien ikasleei bizimodu moralgabe batzuk onargarriak direla transmititzen saiatzen dira. Baina horrelako aholkuei kasu egiteak ondorio latzak ekarri ditzake (Sal. 1:1, 2; Esa. 7:1-5). Arrisku hori saihestu dezakezu salmogilearen eredua jarraituz. Berak hurrengoa esan zion Jehobari: «Nire irakasle guztiak baino argiago naiz, zure xedapenak [edo gogorarazpenak, NWT] hausnartzen ditudalako» (Sal. 119:99).
8 Lekukoak diren guraso batzuk beraien seme-alaben bataioa oztopatzen egon daitezke. Agian, seme-alaben hezkuntzan eta izango duten lanean gehiegi zentratzen dira, edo ez diete helburu espiritualak jartzen laguntzen. Espiritualki aurrera egiteko zure gurasoek laguntza gehiago eman ahal dizutela sentitzen al duzu? Zergatik ez duzu beraiekin hitz egiten? Zure adina zein den axola gabe, Jehobaren lagun mina izatea lortu dezakezu! (Esa. 20:11).
Zergatik ez duzu zure gurasoekin bataioari buruz hitz egiten? (Ikusi 8. paragrafoa)
9. Zergatik atzeratzen dute batzuek, agian, beraien bataioa?
9 Bataiorako baldintzak betetzen dituzten batzuek, agian, beraien erabakia atzeratzen dute lagun edo senide batekin batera bataiatu nahi direlako. Noski, ez dago txarto maite duzun norbaitekin batera bataiatzea. Baina, atzeratu beharko al zenuke zure bataioa horregatik? Gogoratu Jehobari zeure burua eskaintzea zuk egiten diozun promes pertsonal bat dela. Besteek egiten dutena ez du eraginik izan behar zure erabakian (Erm. 14:12).
ZERGATIK IZAN BEHAR DUGU GOGOAN AZKENA HURBIL DAGOELA?
10. Zer beste arrazoirengatik saihesten dute batzuek espiritualki aurrerapausoak egitea?
10 Aurretik aipatu ditugun arrazoiez gain, beste batzuek espiritualki aurrerapausoak egitea saihesten dute beste arrazoi batengatik: azkena iristeko oraindik denbora asko geratzen dela pentsatzen dutelako. Baina ondo al dago horrela arrazoitzea? Jesusek bere dizipuluei hurrengoa egiteko esan zien: «Zuek ere egon beti prest, Gizonaren Semea gutxien espero duzuen orduan etorriko baita» (Luk. 12:40).
11. Zertara bultzatzen gaitu Jehoba gehiago ezagutzeak, eta zergatik? (119. Salmoa 60)
11 Maitasunak bultzatu behar gaitu Jehobari geure burua eskaintzera. Gure Jainko maitekorra zenbat eta gehiago ezagutu, bere aginduak orduan eta gehiago maitatuko ditugu. Ondorioz, horiek obeditzeko prest egongo gara (Irakurri 119. Salmoa 60, NWT). Santiagok Jehobaren aginduak berehala obeditzeko beste arrazoi garrantzitsu bat eman zuen: gutako inork ez daki bihar zer gertatuko zaion. Horregatik, egun bakoitza «zuzena dena egite[ko]» erabili beharko genuke, hau da, Jehobak nahi duena egiteko (St. 4:13-17).
12. Zer ikasten dugu Jesusen mahastiaren konparaketatik?
12 Batzuek, beharbada, orain edo beranduago bataiatzeak ez duela axola pentsatu dezakete. Agian Jesusen mahastiaren konparaketan oinarritzen dira horrela pentsatzeko. Konparaketa horretan, ordu bakar bat lan egin zutenek eta egun osoa lan egin zutenek soldata bera jaso zuten. Baina, ordu bakar bat lan egin zutenak, zergatik ez ziren lehenago hasi? Beraiek honakoa esan zuten: «Ez gaituelako inork kontratatu». Pertsona horiek ez ziren alferrontzi batzuk; kontua da inork ez zituela kontratatu. Izan ere, gonbidatuak izan bezain laster, besteekin batera lanean jarri ziren (Mat. 20:1-16). Gaur egun gauza bera gertatzen da. Jesusek bere dizipuluak izateko eta predikatzeko eskatu digu. Bere eskaria entzun bezain laster, martxan jarri beharko ginateke.
13. Zer ikasten dugu Loten emaztearen bizipenetik?
13 Pertsona batzuk beraien aurrerapen espirituala atzeratzen ari dira. Zergatik? Azkena iritsi aurretik beraien bizitzan aldaketak egiteko denbora emango diela uste dutelako. Baina zenbat eta gehiago itxaron, orduan eta zailagoa izango da aldaketa horiek egitea. Jesusek bazekien hori, horregatik, honakoa esan zien bere dizipuluei: «Gogoratu Loten emazteaz» (Luk. 17:31-35). Loten emazteak bazekien Jehobak Sodoma eta Gomorra laster suntsituko zituela, baina ez zegoen prest bere gauzak atzean uzteko (Has. 19:23-26). Pasarte horrek beste gauza bat ere irakasten digu: salbamenaren atea ez dela betirako irekita egongo. Jainkoak zehazten duen unean, ate hori behin betiko itxiko da (Luk. 13:24, 25).
14. Zergatik da garrantzitsua Bibliako profezien betekuntzan arreta jartzea?
14 Munduan zehar gertatzen ari denak, Bibliak sistema honen azkenari buruz aurresandakoa betetzen ari dela frogatzen du. Agian, zure inguruan ez dituzu gertakari guzti horiek ikusten. Baina munduko beste leku askotan gertatzen ari direla ikusteak lehenbailehen bataiorako prestatzera bultzatu beharko zintuzke. Ikus dezagun zer gertatu zen lehen mendean. Pedro apostoluak kristauei «prest» edo «erne» egoteko esan zien, «gauza guztien azkena hurbildu» zelako (1 Ped. 4:7; oharra). Bertset horretan aipatzen den «azkena» terminoak, dirudienez, juduen sistemaren amaierari egin zion erreferentzia. Baina, Pedrok Jerusalemetik urrun bizi ziren kristauei zuzendu zizkien bere hitzak; beraz, hiri horren suntsipenak ez zuen eragin zuzenik izango kristau horiengan (1 Ped. 1:1). Hala ere, profeziaren betekuntza ikustean, Jehobaren promesetan zuten konfiantza sendotu egingo zen. Era berean, gaur egun ere, garrantzitsua da betetzen ari diren profezietan arreta jartzea. Izan ere, azkena gertu dagoela ikusteak bataiatzeko beharrezko aldaketak egitera motibatuko zaitu.
15. Nola egon gaitezke prest Jehobaren egunerako? (2 Pedro 3:10-13)
15 Bere bigarren gutunean, Pedrok «Jehobaren egun[erako]» —sistemaren amaierarako— nola egon gaitezkeen prest azaldu zuen. Lehen mendean bizi ziren kristauentzat egun hori oraindik oso urrun zegoen. Hala ere, Pedrok hurrengoa egiteko esan zien: «Jarraitu beti horretan pentsatzen» edo «hori irrikatu» (Irakurri 2 Pedro 3:10-13; oharra). Eta gure kasuan, nola egin dezakegu hori? Jehobaren eguna laster etorriko dela beti gogoan izanez. Eta nola erakusten dugu egun horretarako prest gaudela? «Jokaera santua izan[ez] eta Jainkoari debozioa dio[gu]la erakusten duten ekintzak» eginez. Pentsatu zein pozik sentituko den Jehoba horrelako ekintzak egiten dituzunean! Bera oso pozik jarriko da zeure burua eskaintzen diozunean eta bataiatzen zarenean.
PRESTATU ZAITEZ BATAIORAKO LEHENBAILEHEN
16. Noiz da momenturik hoberena bataiorako prestatzeko? (2 Korintoarrei 6:1, 2) (Ikusi irudiak ere)
16 Bataiorako prestatzeko momenturik hoberena oraintxe bertan da (Irakurri 2 Korintoarrei 6:1, 2). Felipek ezagutu zuen etiopiar eunukoa, berehala bataiatu behar zela konturatu zen. Berri onak ulertu zituenean eta bataiatzeko leku bat ikusi zuenean, ez zuen horrelako zerbait pentsatu: «Bataiatu baino lehen, gehiago ikasi nahiko nuke. Bidean zehar, egongo da beste ur masaren bat bataiatzeko». Horren ordez, honakoa esan zion Feliperi: «Zer arrazoi daukat ez bataiatzeko?» (Eg. 8:26, 27, 35-39). Zein eredu bikaina! Bataiatu ondoren, eunukoak «poz-pozik jarraitu zuen bere bidea».
Ikasi irakaspen baliotsu bat etiopiar eunukoaren eredutik: bataiorako prestatzeko momenturik hoberena oraintxe bertan da (Ikusi 16. paragrafoa)a
17. Nola lagunduko dizu Jehobak?
17 Zure bataioa atzeratzen ari bazara, gogoratu Jehobak berarekin adiskidetasun estua lortzen lagundu nahi dizula (Erm. 2:4). Zure aurrerapena oztopatu dezakeen edozein beldur, kezka edo kanpoko influentzia gainditzen lagunduko dizu. Zure bataioaren bidez Jainkoaren aurrean kontzientzia garbi bat lortzean, ziurrenik, hurrengoaz konturatuko zara: «atzean geratu diren gauzak» dagoeneko ez direla garrantzitsuak zuretzat (Flp. 3:8, 13). Orduan, «etorriko diren gauzak» irrikaz itxarongo dituzu; hau da, Jehobak beraien burua Berari eskaini eta bataiatu direnei egin dien promesen betekuntza, gogotsu itxarongo duzu (Eg. 3:19).
38. KANTA Jehobak sendotuko gaitu
a IRUDIAREN AZALPENA: Etiopiar eunukoak bataiatu nahi zuela aipatu zion Feliperi. Era berean, Biblia ikasle batek bataiatu egin nahi duela esaten die adindunei.