18. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sjj 65. KANTA Tinko segi aurrera!
Anaia gazte, imitatu Markos eta Timoteo
«Har ezazu Markos eta ekarri zeurekin, lanerako oso ona baitut» (2 TIM. 4:11).
IDEIA NAGUSIA
Nola lagundu ahal diete Markos eta Timoteoren ereduek anaia gazteei besteak are gehiago zerbitzatzeko beharrezkoak diren ezaugarriak lantzen?
1, 2. Zer sentimenduengatik erabaki zezaketen Markosek eta Timoteok besteak are gehiago ez zerbitzatzea?
ANAIA gazte, gehiago egin nahi al duzu Jehobaren zerbitzuaren eta kongregazioko anai-arreben alde? Ziur baietz! Asko pozten gaitu besteak zerbitzatzeko prest dauden hainbeste anaia gazte ikusteak (Sal. 110:3, NWT). Hala ere, baliteke zailtasunak ere izatea. Beharbada, Jehobaren zerbitzuan gehiago egitean zure bizitza nolakoa izango den ez jakiteak beldurra ematen dizu. Edo, agian, ez duzu Jehobaren zerbitzuan eginkizun bat onartu zeure buruarengan konfiantza falta duzulako. Hala bada, ez zara horrela sentitzen den bakarra.
2 Markosek eta Timoteok antzeko sentimenduak izan zituzten. Nahiz eta euren bizitza nolakoa izango zen ez jakin edo euren buruarengan konfiantza handirik ez izan, Jehobaren alde gehiago egitea erabaki zuten. Ziurrenik, Markos bere amarekin etxe eroso batean bizi zen Paulo apostoluak eta Bernabek beraien lehen misiolari bidaian beraiekin batera joatera gonbidatu zutenean (Eg. 12:12, 13, 25). Hala eta guztiz ere, Markosek bere etxea utzi zuen Jehobaren alde gehiago egiteko. Lehenik, Antiokiara joan zen eta, ondoren, Paulo eta Bernaberekin batera, urrutiago zeuden beste toki batzuetara (Eg. 13:1-5). Antzera, seguruenik, Timoteo bere gurasoekin bizi zen Paulok berarekin predikatzera joatera gonbidatu zuenean. Timoteo gaztea zen eta ez zuen esperientziarik. Beraz, beharbada, ez zuen bere burua Paulorekin batera joateko gai ikusten (Konparatu 1 Korintoarrei 16:10, 11 eta 1 Timoteori 4:12). Hala ere, Pauloren gonbidapena onartu zuen eta bedeinkapen ugari jaso zituen (Eg. 16:3-5).
3. a) Nola dakigu Paulok asko estimatzen zituela Markos eta Timoteo? (2 Timoteori 4:6, 9, 11) (Ikusi irudiak ere) b) Zer galdera aztertuko ditugu artikulu honetan?
3 Markosek eta Timoteok, gaztetan, esperientzia lortu eta ardura handiak eramaten ikasi zuten. Paulok asko estimatzen zituen gazte horiek. Izan ere, laster hilko zela jakin zuenean, berarekin egoteko eskatu zien (Irakurri 2 Timoteori 4:6, 9, 11). Zer ezaugarri ikusi zituen Paulok Markos eta Timoteorengan? Nola imitatu dezakete anaia gazteek beraien jarrera? Eta nola lagundu ahal diete Pauloren aholku maitekorrek gaur egungo anaia gazteei?
Markos eta Timoteok Pauloren estimua irabazi zuten, gazteak zirenean ardurak onartuz (Ikusi 3. paragrafoa)d
IMITATU MARKOS: BESTEAK ZERBITZATZEKO PREST EGON
4, 5. Nola erakutsi zuen Markosek besteak zerbitzatzeko prest zegoela?
4 Erreferentzia-lan baten arabera, besteak zerbitzatzeak beraien alde gogor lan egitea eta, zaila izan arren, laguntzen jarraitzea esan nahi du.a Horixe bera da Markosek egin zuena. Markos ziurrenik minduta eta desanimatuta sentitu zen Paulok ez zuenean bere bigarren misiolari bidaian bera eraman nahi izan (Eg. 15:37, 38). Hala ere, Markosek anai-arrebak zerbitzatzen jarraitu zuen.
5 Markos bere lehengusu Bernaberekin beste toki batera joan zen zerbitzatzera. 11 urte inguru beranduago, Paulo Erroman kartzelaratua egon zenean, Markos bertan egon zen berari laguntzen (Flm. 23, 24). Izan ere, Paulok asko estimatu zuen Markosek eman zion laguntza, eta berarentzat «oso kontsolagarri[a]» izan zela esan zuen (Kol. 4:10, 11).
6. Nola lagundu zion Markosi beste kristau heldurekin denbora pasatzeak? (Ikusi oharra)
6 Markosi beste kristau heldu batzuekin pasatako denborak asko lagundu zion. Paulorekin Erroman denbora bat pasa ondoren, Pedrorekin egon zen Babilonian. Pedrok «nire seme Markos» deitu zuen. Beraz, argi dago oso harreman estua izatera iritsi zirela (1 Ped. 5:13). Elkarrekin denbora pasa zuten bitartean, Pedrok ziurrenik Jesusen bizitzari eta predikazioari buruzko xehetasun interesgarri asko kontatuko zizkion Markosi. Beranduago, Markosek bere izena daraman Ebanjelioan idatzi zituen.b
7. Nola imitatu zuen Seung-Woo anaiak Markosen eredua? (Ikusi irudia ere)
7 Markos Jehobaren zerbitzuan lanpetuta eta anaia helduengandik gertu mantendu zen. Nola imitatu dezakezu Markos? Beharbada, Jehobaren zerbitzuan gehiago egin nahi duzu, esaterako, laguntzaile edo adindun bezala zerbitzatu nahi duzu, baina ez dituzu oraindik baldintzak betetzen. Hala bada, ez zaitez desanimatu, eta jarraitu Jehoba eta kongregazioko anai-arrebak zerbitzatzeko moduak bilatzen. Azter dezagun adindun bezala zerbitzatzen duen Seung-Woo anaiaren eredua. Gazteagoa zenean, beste anaia gazteekin konparatzen zuen bere burua. Horietako batzuek berak baino lehenago kongregazioan gehiago egiteko ardura batzuk jaso zituzten. Ondorioz, Seung-Woo minduta eta dezepzionatuta sentitu zen eta, denborarekin, adindunei nola sentitzen zen azaldu zien. Nahiz eta besteek berak egiten zuena ez ikusi, adindun batek besteak zerbitzatzeko ahal zuen guztia egitera animatu zuen. Seung-Woo anaiak aholku hori praktikan jarri, eta adineko anai-arrebei eta beste batzuei bileretara joateko laguntza eskaini zien. Atzera begira, berak dio: «Besteak zerbitzatzeak benetan zer esan nahi duen ikasi nuen. Gainera, poz handia sentitu nuen besteei laguntza praktikoa ematean».
Zergatik da ona anaia gazteentzat anaia helduekin erregularki denbora pasatzea? (Ikusi 7. paragrafoa)
IMITATU TIMOTEO: BESTEEZ BENETAN ARDURATZEN ZARELA ERAKUTSI
8. Zergatik aukeratu zuen Paulok Timoteo bidaia-lagun bezala? (Filipoarrei 2:19-22)
8 Paulok, oposizioa sufritu zuen hirietara itzuli behar zuenez, bidaia-lagun ausartak behar zituen. Hasteko, Silas, esperientziaz beteriko anaia, aukeratu zuen (Eg. 15:22, 40). Eta beranduago, Timoteo ere aukeratu zuen. Zergatik? Arrazoietako bat, Timoteok izen ona zuela da (Eg. 16:1, 2). Gainera, anai-arrebez bihotz-bihotzez arduratzen zen (Irakurri Filipoarrei 2:19-22).
9. Nola erakutsi zuen Timoteok anai-arrebez benetan arduratzen zela?
9 Paulorekin batera zerbitzatzen hasi zenetik, Timoteok besteez bere buruaz baino gehiago arduratzen zela erakutsi zuen. Arrazoi horrexegatik, Paulok konfiantza osoz Timoteo Berean utzi zuen bertako anai-arreba berriak animatzeko (Eg. 17:13, 14). Garai hartan, Silas ere Berean egon zen. Timoteok dudarik gabe asko ikasi zuen Silasengandik. Beranduago, Paulok Timoteo Tesalonikara bere kabuz bidali zuen hiri hartako kristauak sendotzeko (1 Tes. 3:2). Hurrengo 15 urte inguruz, Timoteok «negarrez ari zirenekin» negar egiten ikasi zuen, sufritzen ari zen edonori enpatia erakutsiz (Erm. 12:15; 2 Tim. 1:4). Nola imitatu dezakete anaia gazteek Timoteo?
10. Nola ikasi zuen Woo Jae izeneko anaia batek besteei interes handiagoa erakusten?
10 Woo Jae izeneko anaia batek besteei interes handiagoa erakusten ikasi zuen. Gazteagoa zenean, Woo Jae-ri zaila egiten zitzaion anai-arreba helduagoak zirenekin hitz egitea. Beraz, bileretan anai-arreba horiek agurtu besterik ez zituen egiten. Adindun batek hurrengo aholkua eman zion: anai-arreba horiekin elkarrizketa bat hastea, beraiengandik zer estimatzen zuen esanez. Horretaz gain, besteei interesatzen zitzaizkien gauzetan pentsatzera ere animatu zuen. Woo Jae-k aholku horiek praktikan jarri zituen. Berak gaur egun adindun bezala zerbitzatzen du eta honakoa dio: «Orain errazagoa egiten zait adin ezberdinetako pertsonekin elkarrizketa esanguratsuak izatea. Gainera, ondo sentitzen naiz besteen kezkak hobeto ulertzen ditudalako. Horri guztiari esker, hobeto lagundu ahal diet anai-arrebei».
11. Nola ikasi dezakete anaia gazteek kongregazioko anai-arrebengan interesa erakusten? (Ikusi irudia ere)
11 Anaia gazte, besteengan interesa erakusten ikasi dezakezu. Bileretan zaudenean, hitz egin adin eta jatorri desberdinetako anai-arrebekin. Galdetu zer moduz dauden eta entzun zer esaten dizuten. Horrela, nola lagundu ahal diezun jakingo duzu. Baliteke adineko bikote batek JW Library® aplikazioarekin laguntza behar izatea. Edo, beharbada, ez dute beraiekin predikatzeko inor. Lagundu al ditzakezu euren gailu elektronikoak erabiltzen? Edo joan al zaitezke beraiekin predikatzera? Besteei laguntzean aurrea hartzen baduzu, eredu bikaina izango zara kongregazio osoarentzat.
Anaia gazteek kongregazioan hainbat modu praktikotan lagundu dezakete (Ikusi 11. paragrafoa)
PAULOREN AHOLKUEK LAGUNDU AHAL DIZUTE
12. Nola lagundu ahal diete anaia gazteei Paulok Timoteori emandako aholkuek?
12 Paulok Timoteori, bai bere bizitzan, bai predikazioan arrakasta izaten lagunduko zioten aholku praktikoak eman zizkion (1 Tim. 1:18; 2 Tim. 4:5). Anaia gazte, Pauloren aholkuek zuri ere lagundu ahal dizute. Nola? Paulok Timoteori idatzitako bi gutunak irakurtzean, pentsatu zuretzat idatziak izan zirela, eta ikusi zer aholku jarri dezakezun praktikan zure bizitzan. Azter ditzagun horietako batzuk.
13. Zerk lagunduko dizu Jehobarekin lotura estua izaten?
13 «Trebatu zeure burua Jainkoari debozioa helburutzat izanik» (1 Tim. 4:7b, NWT). Zer da Jainkoari debozioa izatea? Jehobarekin lotura estua izatea da, baita bera pozten dituen gauzak egiteko desira izatea ere. Gizakiak ez gara ezaugarri horrekin jaio. Beraz, Jainkoari debozioa izatea gutako bakoitzak landu behar duen zerbait da. Baina nola lortu dezakegu hori? «Trebatu zeure burua» bezala itzulitako hitz grekoa, askotan, atletek txapelketa baterako egiten zuten entrenamendu gogorra deskribatzeko erabiltzen da. Atleta horiek diziplinatuak izan behar zuten. Antzera, guk ere diziplinatuak izan behar dugu Jehobarengana gehiago gerturatuko gaituzten ohiturak lantzeko.
14. Zer helburu izan beharko genuke Biblia irakurtzean? Azaldu adibide batekin nola lortu dezakegun hori.
14 Biblia irakurtzeko duzun ohitura izaten zoazen heinean, ez ahaztu zein den zure helburua: Jehobarengana gehiago gerturatzea. Adibidez, Jesus eta gizon gaztearen pasartea irakurtzen duzunean, zer ikasten duzu Jehobari buruz? (Mar. 10:17-22). Gizon gazteak Jesus Mesias zela sinesten zuen, baina ez zuen berari jarraitzeko fede nahikorik. Hala ere, Jesusek gazte horri maitasuna zion, eta berarekin hitz egitean atsegina izan zen. Ez al zaitu horrek hunkitzen? Noski, Jesusek gizon gazteak erabaki on bat hartzea nahi zuen. Gainera, Jesusek Jehobak gizon gazte horri zion maitasuna imitatu zuen (Joan 14:9). Pasarte horretan eta zure egoeran pentsatzen duzunean, galdetu zeure buruari: «Zer egin behar dut Jehobarengana gehiago gerturatzeko?».
15. Zergatik da garrantzitsua anaia gazte batentzat besteei eredu ona jartzea? Jarri adibide bat. (1 Timoteori 4:12, 13)
15 «Izan zaitez [...] sinestedunentzat eredu» (Irakurri 1 Timoteori 4:12, 13). Paulok Timoteori abileziak —esaterako, irakurketa eta irakaskuntza— lantzeaz gain, ezaugarriak ere —esaterako, maitasuna, fedea eta jokabide garbia— lantzeko esan zion. Zergatik? Eredu onak hitzek baino eragin handiagoa duelako. Demagun predikazioan gehiago egiteko moduei buruzko hitzaldi bat eman behar duzula. Errazagoa egingo zaizu gai horri buruz hitz egitea zu zeu predikazioan ahal duzun guztia egiten ari bazara. Gainera, zure eredua ikustean, anai-arrebak zuk esandakoa praktikan jartzera motibatuta sentituko dira (1 Tim. 3:13, NWT).
16. a) Zer bost alderditan izan daitezke anaia gazte kristauak eredugarriak? b) Nola izan daiteke anaia gazte bat «hitzetan» eredugarria?
16 1 Timoteori 4:12an, Paulok anaia gazte bat eredugarria izan daitekeen bost alderdi aipatzen ditu. Zergatik ez duzu zure ikasketa pertsonalean alderdi bakoitza aztertzen? Demagun zure «hitzetan», hau da, zure hitz egiteko moduan eredu hobea izan nahi duzula. Pentsatu zer esan dezakezun besteak animatzeko. Gurasoekin bizi bazara, eskerrak gehiagotan eman al ditzakezu zuregatik egiten dutenarengatik? Bestalde, bileran anaia edo arreba bati bere aurkezpenetik zer gustatu zaizun aipatu ahal diozu. Edo bileretan iruzkinak zure hitzetan ematen saiatu zaitezke. Zure hitz egiteko moduan eredugarria izaten saiatzen bazara, besteek espiritualki aurrera egiten ari zarela ikusiko dute (1 Tim. 4:15).
17. Zerk lagunduko dio anaia gazte bati bere helburu espiritualak betetzen? (2 Timoteori 2:22)
17 «Ihes egin gaztaroko desiretatik eta bilatu zuzentasuna» (Irakurri 2 Timoteori 2:22, NWTc). Paulok honakoa aholkatu zion Timoteori: bere helburu espiritualetatik distraitu eta Jehobarekin zuen harremana kaltetu zezaketen desiren aurka borrokatzeko. Gainera, beharbada, jarduera batzuek, nahiz eta berez txarrak ez izan, ez dizutela Jehobaren alde gehiago egiteko denborarik uzten konturatu zara. Pentsatu zenbat denbora pasatzen duzun, adibidez, kirola egiten, Interneten nabigatzen edo bideo jokoetara jolasten. Erabili al dezakezu denbora horren tarte bat jarduera teokratikoetan? Agian bilera aretoko mantentze lanetan laguntzeko edo gurditxoarekin predikatzeko zeure burua eskaini dezakezu. Horrelako jardueretan parte hartzen baduzu, ziurrenik helburu espiritualak jartzen eta betetzen lagunduko dizuten lagun berriak egingo dituzu.
BESTEAK ZERBITZATZEAK BEDEINKAPENAK DAKARTZA
18. Zergatik esan dezakegu Markosek eta Timoteok emozioz eta pozez beteriko bizitzaz gozatu zutela?
18 Markosek eta Timoteok sakrifizioak egin zituzten besteen alde are gehiago egiteko, eta, ondorioz, pozez eta emozioz beteriko bizitza izan zuten (Eg. 20:35). Markos oso urrun zeuden tokietara joan zen anai-arrebak laguntzera. Gainera, Jesusen bizitzari eta predikazioari buruzko Biblia liburu dinamiko bat idatzi zuen. Bestalde, Timoteok Paulori kongregazioak eratzen eta anai-arrebak sendotzen lagundu zion. Argi dago Jehoba oso pozik zegoela Markosek eta Timoteok egindako sakrifizio guztiengatik.
19. Zergatik jarri beharko lituzkete praktikan anaia gazteek Paulok Timoteori emandako aholkuak, eta nolakoa izango da beraien bizitza hori egiten badute?
19 Paulok Timoteori idatzitako gutunetan, bere lagun gaztea asko maite zuela ikusten da. Bestalde, gutun inspiratu horiek Jehobak anaia gazteak asko maite dituela ere erakusten digute. Anaia gazte, Jehobak bizitzan arrakasta izan dezazun nahi du. Beraz, ahal duzun guztia egin Pauloren aholku maitekorrak praktikan jartzeko eta besteak are gehiago zerbitzatzeko. Hala egiten baduzu, orain emozioz beteriko bizitzaz gozatuko duzu, eta gainera «egiazko biziari gogor eutsi[ko]» diozu (1 Tim. 6:18, 19, NWT).
sjj 80. KANTA Dastatu eta ikustazu zein ona den Jainkoa
a Behind the Word «Deacon»: A New Testament Study, D. Edmond Hiebert.
b Pedro sentimendu biziak zituen gizon bat zen. Ondorioz, erraza izan zen berarentzat Markosi Jesusek egin eta esan zuena azaltzea, eta nola sentitu zen adieraztea. Agian horregatik, Markosek idatzitako Ebanjelioan, Jesusen emozio eta ekintzak deskribatu zituen askotan (Mar. 3:5; 7:34; 8:12).
c 2 Timoteori 2:22, NWT: «Horregatik, ihes egin gaztaroko desiretatik eta bilatu zuzentasuna, fedea, maitasuna eta bakea, Jaunari bihotz garbi batez dei egiten diotenekin batera».
d IRUDIAREN AZALPENA: Markos Paulo eta Bernaberen beharrez arduratzen da beraien misiolari bidaietan. Timoteok gogo onez kongregazio bat bisitatzen du anai-arrebak sendotu eta animatzeko.