Nola Lagunduko Dizu Jainkoarengana Gerturatzeak?
Jainkoak gure gorputza zauriak sendatzeko gaitasun zoragarriarekin sortu zuen. Gorputz osasuntsu batean ebaki bat, urradura bat edo beste zauri bat dagoenean, «gorputzak prozesu konplexu bat hasten du zauri txiki eta handiak sendatzeko» (Johns Hopkins Medicine). Gorputzak berehala odoljarioa eten, zainak zabaldu, zauria sendatu eta ehunak indartzen ditu.
PENTSATU HONETAN: Jainkoak gure zauri emozionalak sendatzen lagunduko digula promestu digu. Izan ere, Bibliako salmogile batek honakoa idatzi zuen: «Bihotz-hautsiak sendatzen ditu, haien zauriak osatzen» (147. Salmoa 3). Sortzaileak gure gorputza zauri fisikoak sendatzeko gaitasunarekin diseinatu bazuen, ez al da gure zauri emozionalak sendatzeko gai izango? Bestalde, trauma emozional bat baduzu, zergatik egon zaitezke ziur Jehobak bai orain, bai etorkizunean zure zauriak sendatuko dituela?
BIBLIAK JAINKOAREN MAITASUNARI BURUZ IRAKASTEN DIGUNA
Jainkoak honakoa promesten digu: «Ez izan beldur, zeurekin bainauzu; ez larritu, zure Jainkoa bainaiz. Neure laguntzaz ahaltsu egiten zaitut» (Isaias 41:10). Jehoba gutaz arduratzen dela jakiteak barne bakea eta zailtasunei aurre egiteko indarrak ematen dizkigu. Paulo apostoluak barne bake horri «Jainkoaren bakea» deitu zion eta «ulertu dezakeguna baino haratago doan bakea» dela esan zuen. Horretaz gain, hau ere gehitu zuen: «Gauza guztietarako indarrak ditut boterea ematen didan horri esker» (Filipoarrei 4:4-7, 9, 13).
Bibliak Jehobaren promesetan dugun fedea sendotzen du. Adibidez, Apokalipsia 21:4, 5 aipuak Jainkoak zer egingo duen eta berarengan konfiantza zergatik izan dezakegun azaltzen du:
Jehobak jendearen begietako «malkoak lehortuko ditu». Berak gure sufrimendu eta kezka guztiak kenduko ditu, nahiz eta kezka horiek besteentzat garrantzi gutxikoak izan.
Zeruko «tronuan eserita» dagoen kreazioaren Errege Ahalguztidunak bere boterea eta autoritatea erabiliko ditu berriro ere sufritu ez dezagun eta behar dugun laguntza jaso dezagun.
Jehobak bere promesak «fidagarriak eta egiazkoak» direla ziurtatzen digu. Hau da, benetako Jainkoak bere erreputazioa jokoan jarri du egin dituen promesak beteko dituela ziurtatzeko.
«“Jainkoak beraien begietako malkoak lehortuko ditu, eta ez da gehiago heriotzarik izango, ez tristurarik, ez negarrik, ez minik. Iraganeko gauzak desagertu egin dira”. Eta tronuan eserita zegoenak esan zuen: “Begira! Gauza guztiak berriak egiten ari naiz”. Gainera, esan zuen: “Idatzi hitz hauek, zeren fidagarriak eta egiazkoak dira”» (Apokalipsia 21:4, 5).
Kreazioak eta Bibliak gure zeruko Aitaren izaera eta ezaugarriak erakusten dizkigute. Kreazioaren bitartez, hitzik esan gabe, Jainkoak bere lagun minak izatera gonbidatzen gaitu. Eta, Bibliaren bitartez, gonbidapen hori zuzenean egiten digu: «Hurbildu Jainkoarengana, eta bera zuengana hurbilduko da» (Santiago 4:8). Eta Eginak 17:27ak honakoa gehitzen du: «Ez dago gutako bakoitzarengandik urruti».
Jainkoa ezagutzeko zenbat eta denbora gehiago hartu, orduan eta konbentzituago egongo zara bera zutaz arduratzen dela (1 Pedro 5:7). Nola lagunduko dizu Jehobarengan konfiantza hori izateak?
Ikus dezagun Japoneko Toru izeneko gizon baten bizipena. Nahiz eta bere amak kristau bezala hezi zuen, denborarekin, yakuzaren —Japoneko mafia biolentoaren— parte izatera iritsi zen. Berak dio: «Jainkoak gorroto ninduela pentsatzen nuen. Nire inguruko norbait hiltzen zenean, bereziki maite nuen norbait bazen, Jainkoaren zigorra zela sentitzen nuen». Toruk, giro biolento horren ondorioz, «pertsona bihozgabea» bihurtu zela onartzen du. Garai hartan zeukan desira honela azaltzen du: «Gazte hil nahi nuen, ni baino boteretsuagoa zen norbait hiltzeagatik famatu bihurtu ondoren».
Baina Toru eta bere emaztea, Hannah, Biblia aztertzen hasi ziren. Toruk bere itxura guztiz aldatu zuen eta bere bizitzan aldaketa izugarriak egin zituen. «Argi ikusi nuen nola aldatu zen nire senarra», dio Hannah-k. Orain Toruk ziurtasun osoz honakoa dio: «Badakit Jainkoa existitzen dela eta gutako bakoitzaz arduratzen dela. Berak ez du inor hiltzerik nahi, eta bihotzez damutzen denari barkatzeko prest dago. Gauza batzuk ez genizkioke inori kontatuko, eta hori egingo bagenu ere, ez gintuzkete ulertuko. Baina Jehobari gauza guzti horiek kontatu ahal dizkiogu. Laster, Jehobak sufrimendua eta arazo guztiak kenduko ditu. Baina orain ere, espero ez dugun moduetan laguntzen digu. Bera gutaz asko arduratzen da eta deprimituta gaudenean zaintzen gaitu» (136. Salmoa 23).
Toruren bizipenak erakusten duen bezala, Jainkoak sufrimendu guztia kendu ahal duela eta laster hori egingo duela jakiteak etorkizunerako esperantza ziurra ematen digu eta, gaur egun ere, bizitza hobea izaten laguntzen digu. Hala da, nahiz eta mundu hau sufrimenduz josita egon, Jainkoaren zaintza maitekorraz gozatu dezakezu.