SUFRIMENDUA Jainkoaren zigorra al da?
LUZIA EZKERREKO HANKATIK HERREN DAGO. Txikitan, poliomielitis-ak jo zuen. Gaixotasun hori oso kutsakorra da eta nerbio sistemari eragiten dio. 16 urte zituenean, Luziak emakume batentzat lan egiten zuen eta emakume horrek esan zion: «Zure amari desobeditu zenionez eta errespetu faltaz tratatu zenuenez, Jainkoak paralisiarekin zigortu zintuen». Urteak beranduago, Luziak, oraindik, hitz horiek zein atsekabetuta utzi zuten gogoratzen du.
DÁMARISEK GARUNEKO MINBIZIA ZUELA JAKIN ZUENEAN, bere aitak galdetu zion: «Zer egin duzu hau gertatzeko? Zerbait oso txarra egin behar izan duzu eta horregatik ari zaizu Jainkoa zigortzen». Ondorioz, Dámaris lur jota sentitu zen.
Gaixotasunak Jainkoaren zigorra direla pentsatzea aspalditik dator. Bibliako lurraldeetako ohiturei buruz hitz egiten duen liburu baten arabera, Jesu Kristoren garaiko pertsona askok «gaixotasunak gaixoaren edo bere familiakideen bekatuak eraginda zirela eta bekatu horren zigorra zirela» uste zuten (Manners and Customs of Bible Lands, Fred H. Wight). Eta Erdi Aroko medikuntza eta izurriari buruzko liburu batek azaltzen duenez, garai hartan, «pertsona batzuek Jainkoak izurriak beraien bekatuengatik zigortzeko erabiltzen zituela sinesten zuten» (Medieval Medicine and the Plague, Lynne Elliott). Adibidez, XIV. mendean, Europa osoan zehar milioika lagun hil ziren izurriaren ondorioz. Esan nahi al du horrek Jainkoak jende gaiztoa zigortu nahi zuela? Edo bakteria baten ondorioz izan al zen, beranduago zientziak frogatu zuen moduan? Beharbada, honakoa galdetzen diozu zeure buruari: «Gaixotasunak erabiltzen al ditu Jainkoak pertsonak beraien bekatuengatik zigortzeko?».a
PENTSATU HONETAN: Gaixotasunak eta sufrimendua Jainkoaren merezitako zigorra baziren, zentzurik izango ote zuen Jesusek gaixoak sendatzea? Ez al zen hori Jainkoaren justizia zalantzan jartzea izango? (Mateo 4:23, 24). Jesus ez zen inoiz bere Aitaren aurka jarriko. Izan ere, berak esan zuen: «Gustatzen zaizkion gauzak egiten ditudalako beti» (Joan 8:29). Eta hurrengoa ere esan zuen: «Aitak agindu didan bezalaxe egiten dut» (Joan 14:31).
Bibliak argi dio Jehoba «bidegabekeriarik gabea» dela (Deuteronomioa 32:4). Adibidez, Jainkoak ez luke inoiz abioiko istripu bat eragingo, ehunka errugabe hilez, hegazkinean doan norbait zigortzeko. Abrahamek —Jainkoaren zerbitzari leial batek— Jainkoarentzat «errugabea errudunarekin batera hilaraztea» pentsaezina zela esan zuen (Hasiera 18:23, 25). Bibliak honakoa ere dio: «Jainkoak ez du gaizki jokatzen», eta «urruti Ahaltsuagandik bidegabekeria!» (Job 34:10-12).
BIBLIAK SUFRIMENDUARI BURUZ IRAKASTEN DIGUNA
Sufritzen dugunean, ez da Jainkoa bekatu batengatik gu zigortzen ari delako. Jesusek kontu hau argi utzi zuen berak eta bere dizipuluek jaiotzetik itsua zen gizon bat ikusi zutenean. Dizipuluek galdetu zioten: «Rabbi, nork egin zuen bekatu gizon hau itsu jaiotzeko? Berak ala bere gurasoek?». Eta Jesusek erantzun zien: «Ez gizon honek, ezta bere gurasoek ere, ez zuten bekatu egin. Bere kasuan, Jainkoak egin dezakeena argi eta garbi erakusteko gertatu zen hau» (Joan 9:1-3).
Garai hartan, ideia okerrak existitzen ziren gai honen inguruan. Beraz, dizipuluak harrituta geratuko ziren Jesusek gizon horren gaixotasuna ez zela gurasoen edo bere bekatuengatik esan zienean. Gizona sendatzean, Jesusek sinesmen horiek okerrak zirela frogatu zuen (Joan 9:6, 7). Gaur egun, gaixotasun larriak dituztenek kontsolamendua aurkitzen dute Jainkoak ez duela beraien sufrimendua eragiten jakitean.
Gaixotasunak Jainkoaren zigorra baziren, zergatik sendatuko zituen Jesusek gaixo zeudenak?
Bibliak honakoa ziurtatzen digu:
«Inork ezin du Jainkoa gauza txarrekin proban jarri, eta berak ere ez du inor proban jartzen» (SANTIAGO 1:13). Hala da! Gizadiak mendeetan zehar sufritu dituen «gauza txar» guztiak —gaixotasunak, sufrimendua eta heriotza barne— laster ezabatuak izango dira.
Jesu Kristok «sufritzen ari ziren guztiak [...] sendatu zituen» (MATEO 8:16). Hurbildu zitzaizkion guztiak sendatzean, Jainkoaren Semeak Jainkoaren Erreinuak mundu mailan lortuko duena erakutsi zuen.
«Jainkoak beraien begietako malkoak lehortuko ditu, eta ez da gehiago heriotzarik izango, ez tristurarik, ez negarrik, ez minik. Iraganeko gauzak desagertu egin dira» (APOKALIPSIA 21:3-5).
NOR DA ERRUDUNA?
Orduan, zergatik dago hainbeste min eta sufrimendu munduan? Mendeetan zehar, gizakiek galdera horren erantzuna bilatu dute. Jainkoa ez bada erruduna, nor izango ote da? Galdera horiek hurrengo artikuluan aztertuko dira.
a Antzina, Jainkoak gaixotasunak, tragediak eta antzeko gauzak erabili zituen pertsona batzuk bekatu zehatzengatik zigortzeko. Baina Bibliak ez du esaten hori egiten jarraitzen duenik.