Erromatarrei
6 Zer esango dugu orduan? Bekatu egiten jarraitu behar al genuke merezigabeko eskuzabaltasuna handitzeko? 2 Ezta pentsatu ere! Bekatuari dagokionez hil garela ikusita, nola jarraitu dezakegu bekatuan bizitzen? 3 Edo ez al dakizue Kristo Jesusengan bataiatuak izan ginen guztiok bere heriotzan bataiatuak izan ginela? 4 Beraz, lurperatuak izan ginen bere heriotzan bataiatu ginenean, Aitaren aintzaren bidez Kristo berpiztua* izan zen bezalaxe, guk ere bizitza berri bat bizi dezagun. 5 Berea bezalako heriotzan berarekin bat eginda bagaude, berea bezalako berpizkundean ere berarekin bat eginda egongo gara. 6 Zeren badakigu gure izaera zaharra berarekin batera zutoinean iltzatua izan zela gure gorputz bekatariak boterea galtzeko eta, horrela, guk bekatuaren esklabo izateari uzteko. 7 Zeren hil denari bere bekatua barkatu* zaio.
8 Are gehiago, Kristorekin hil bagara, berarekin biziko garela ere sinesten dugu. 9 Zeren badakigu Kristo, orain hildakoen artetik berpiztua* izan den honetan, ez dela sekula hilko; heriotza, dagoeneko, ez da bere nagusi. 10 Zeren hil zenean, behin eta betirako hil zen bekatuari dagokionez*, baina bizitzen ari den bizia Jainkoarentzat bizitzen ari da. 11 Era berean, gogoratu bekatuari dagokionez hilda zaudetela, baina Kristo Jesusengatik Jainkoarentzat bizi zaretela.
12 Beraz, ez utzi bekatuari zeuen gorputz hilkorretan errege bezala agintzen eta beraien desioak obeditzera behartzen. 13 Eta zuen gorputzak* ere ez eskaini bekatuari injustiziaren arma bezala. Horren ordez, eskaini zeuen buruak Jainkoari heriotzatik bizira pasatu direnak bezala, eta eskaini zuen gorputzak* Jainkoari justiziaren arma bezala. 14 Zeren bekatuak ez du zuen nagusi izan behar legearen menpe ez zaudetelako, merezigabeko eskuzabaltasunaren menpe zaudetelako baizik.
15 Orduan, zer? Bekatu egin behar al dugu, legearen menpe egon ordez, merezigabeko eskuzabaltasunaren menpe gaudelako? Inola ere ez! 16 Ez al dakizue zeuen buruak norbaiti esklabo obediente bezala eskaintzen badizkiozue, obeditzen diozuenaren esklabo zaretela? Hau da, heriotzara daraman bekatuaren esklabo zarete, edo justiziara daraman obedientziaren esklabo. 17 Baina Jainkoari esker, nahiz eta zuek bekatuaren esklabo izan zineten, eman zitzaizuen irakaspenaren ereduari bihotzez obediente egin zineten. 18 Bai, bekatutik libre geratu zinetenez, justiziaren esklabo egin zineten. 19 Gizakientzat ezagunak diren hitzak erabiltzen ditut berez ahulak zaretelako*. Izan ere, gaizki dagoena egiteko zuen gorputz atalak zikinkeria eta gaiztakeriaren esklabo bezala eskaini dituzuen modu berean, eskaini orain zuen gorputz atalak justiziaren esklabo bezala, santua dena egiteko. 20 Zeren bekatuaren esklabo zinetenean, justizia ez zen zuen nagusi.
21 Orduan, zer fruitu ematen zenuten garai hartan? Orain lotsa ematen dizueten gauzak. Izan ere, gauza horien emaitza heriotza da. 22 Baina orain, bekatutik libre geratu eta Jainkoaren esklabo izatera iritsi zareten honetan, ematen duzuen fruitua santutasuna da, eta honen emaitza betirako bizia. 23 Zeren bekatuak ordaintzen duen soldata heriotza da, baina Jainkoak ematen digun oparia betirako bizia da, Kristo Jesus gure Jaunaren bidez.