Watchtower ONLINE LIBURUTEGIA
Watchtower
ONLINE LIBURUTEGIA
Euskara
  • BIBLIA
  • ARGITALPENAK
  • BILERAK
  • bhs 11. kap. 116.-123. or.
  • Zergatik dago horrenbeste sufrimendu?

Ez dago bideorik aukeratutako testuan

Barkatu, akats bat gertatu da bideoa kargatzean.

  • Zergatik dago horrenbeste sufrimendu?
  • Zer irakasten digu Bibliak?
  • Bibliak irakasten duena(e)an irakurri
  • Azpitituluak
  • Antzeko edukiak
  • ZERGATIK DAGO HORRENBESTE SUFRIMENDU?
  • ZERGATIK UZTEN DU JAINKOAK SUFRIMENDUA IZATEN?
  • ZERGATIK ITXARON DU JEHOBAK HORRENBESTE DENBORA?
  • NOLA ERABILIKO DUZU AUKERATZEKO ASKATASUNA?
  • Zergatik existitzen dira gaiztakeria eta sufrimendua?
    Gozatu bizitzaz betirako! Biblia-ikastaro interaktiboa
  • Zein da Jainkoaren asmoa lurrarentzat?
    Zer da Bibliak benetan irakasten duena?
  • Zein da Jainkoaren helburua gizakiontzat?
    Zer irakasten digu Bibliak?
  • Zergatik uzten du Jainkoak sufrimendua izaten?
    Berri onak Jainkoaren eskutik!
Ikusi gehiago
Zer irakasten digu Bibliak?
bhs 11. kap. 116.-123. or.

11. KAPITULUA

Zergatik dago horrenbeste sufrimendu?

1, 2. Zer galdetzen du jende askok?

TSUNAMI batek herri bat suntsitzen du. Gizon bat eliza batera joan eta bertakoak tirokatzen ditu, zauritu eta hildako ugari sortuz. Ama bat minbiziaz hiltzen da bost umezurtz utziz.

2 Honelako hondamendi eta ezbeharrak gertatzen direnean, jende askok horrenbeste gorroto eta sufrimendu zergatik dagoen galdetzen du. Zuk ere galdetu al diozu inoiz honelakorik zeure buruari?

3, 4. a) Zer galdetu zuen Habakukek? b) Zer erantzun zion Jehobak?

3 Jainkoarengan fede sendoa zuten gizonek ere honelako galderak egin zituztela esaten digu Bibliak. Adibidez, Habakuk profetak Jehobari galdetu zion: «Zergatik ikusarazten didazu horrenbeste bidegabekeria? Nola egon zintezke zapalketari begira? Hondamen eta gogorkeria ugari aurrean, auziak eta borrokak nonahi» (Habakuk 1:3).

4 Habakuk 2:2, 3⁠an Jainkoak Habakuki erantzun eta egoera konponduko zuela promestu zion. Jehobak bihotzez maite du jendea. Bibliak gutaz «arduratzen» dela dio (1 Pedro 5:7). Izan ere, Jainkoak guk baino gehiago gorroto du sufrimendua (Isaias 55:8, 9). Orduan, zergatik dago horrenbeste sufrimendu?

ZERGATIK DAGO HORRENBESTE SUFRIMENDU?

5. a) Zer esaten dute erlijio maisu askok sufrimenduari buruz? b) Zer irakasten du Bibliak?

5 Apaiz eta erlijio maisuek jendeak sufritzea Jainkoaren borondatea dela esaten dute askotan. Gertatzen zaigun guztia, baita ezbeharrak ere, Jainkoak aurrez erabakita duela eta horren arrazoia inoiz ez dugula ulertuko diote. Beste batzuen ustez, Jainkoarekin zeruan egoteko hiltzen da jendea. Adibidez, haur bat hiltzean, Jainkoak aingerutxo bat behar zuela esaten dute. Baina hori ez da egia. Jehobak ez ditu inoiz gauza txarrak eragiten. Bibliak dio: «Urruti Jainkoarengandik gaiztakeria, urruti Ahaltsuagandik bidegabekeria!» (Job 34:10).

6. Zergatik botatzen dio jende askok Jainkoari sufrimendua izatearen errua?

6 Jende askok Jainkoari botatzen dio sufrimendua izatearen errua. Zergatik? Munduan Jainkoak agintzen duela uste dutelako. Baina munduko agintaria Satanas Deabrua dela ikusi genuen 3. kapituluan.

7, 8. Zergatik dago horrenbeste sufrimendu?

7 «Mundu osoa Gaiztoaren esku dagoela» esaten du Bibliak (1 Joan 5:19). Mundu honen agintaria, Satanas, gaiztoa eta bihozgabea da. «Mundu guztia engainatzen» ari da (Apokalipsia 12:9). Jende askok berak bezala jokatzen du. Hau da mundua gezur, gorroto eta krudelkeriaz josita egotearen arrazoi bat.

8 Sufrimendua izatearen arrazoi gehiago badaude. Matxinatu ondoren, Adam eta Ebak bekatua pasa zieten euren seme⁠-⁠alabei. Bekatuaren ondorioz, gizakiek sufrimendua eragiten diete beste gizaki batzuei. Askotan besteak baino garrantzitsuagoak izan nahi dute. Horrek tratu txarrak, borrokak eta gerrak eragiten ditu (Kohelet 4:1; 8:9). Batzuetan «aldi txarrak bat⁠-⁠batean» harrapatzen du jendea. Okerreko unean eta okerreko tokian egotean, istripuak eta beste gauza txar asko gertatu daitezke sufrimendua eraginez (Kohelet 9:12).

9. Zergatik izan behar du Jehobak sufrimendua izaten uzteko arrazoi garrantzitsua?

9 Jehobak ez du inoiz sufrimendurik eragiten. Ez da gerra, delitu eta tratu txarren erruduna. Ez ditu lurrikarak, urakanak, uholdeak eta antzeko hondamendiak sortzen. Baina agian pentsatuko duzu: «Jehoba unibertsoko izakirik boteretsuena bada, zergatik ez ditu gauza hauek geldiarazten?». Badakigu Jehoba asko arduratzen dela gutaz. Beraz, sufrimendua izaten uzteko arrazoi garrantzitsua izango du, noski (1 Joan 4:8).

ZERGATIK UZTEN DU JAINKOAK SUFRIMENDUA IZATEN?

10. Zer leporatu zion Satanasek Jehobari?

10 Edengo baratzean, Deabruak zalantzan ipini zuen Jehobak agintzeko duen eskubidea. Adam eta Eba engainatu zituen eta Jainkoari Agintari txarra izatea leporatu zion. Gauza onak ezkutatzen ari zitzaizkiela eman zuen aditzera. Bera Jehoba baino agintari hobea izango zela eta Jainkoaren beharrik ez zutela sinestarazi nahi zien (Hasiera 3:2-5; ikusi 27. oharra).

11. Zer galdera da beharrezkoa erantzutea?

11 Adam eta Ebak Jehoba desobeditu eta matxinatu egin ziren. Zuzena eta okerra zena euren kabuz erabakitzeko eskubidea zutela pentsatu zuten. Nola frogatu zezakeen Jehobak errebeldeak oker zeudela eta guretzako onena zer den badakiela?

12, 13. a) Zergatik ez zituen Jehobak errebeldeak berehala suntsitu? b) Zergatik utzi dio Jehobak Satanasi mundu honen agintaria izaten eta gizakiei euren burua gobernatzen?

12 Jehobaren helburua paradisu bihurtutako lurra Adam eta Ebaren ondorengoez betetzea zen. Eta hala gertatuko zen nahiz eta Deabrua oztopatzen saiatu (Hasiera 1:28; Isaias 55:10, 11). Horregatik ez zituen Jehobak Adam eta Eba berehala suntsitu. Horren ordez, haurrak izaten utzi zien. Horrela, Jehobak Adam eta Ebaren seme⁠-⁠alabei beraien agintaria nor izatea nahi zuten erabakitzeko aukera eman zien.

13 Satanasek milioika aingeruren aurrean salatu zuen Jehoba (Job 38:7; Apokalipsia 5:11). Beraz, Jehobak salaketa frogatzeko denbora eman zion Satanasi. Gainera, gizakiei ere Satanasen agindupean dagoen munduan gobernuak ezartzeko denbora eman zien. Honela, Jainkoaren laguntzarik gabe arrakasta izan zezaketen ala ez erakutsi ahal izango zuten.

14. Zer frogatu du denborak?

14 Milaka urtetan, gizakiak euren burua gobernatzen saiatu dira baina porrot egin dute. Satanas gezurtia dela frogatu da. Argi dago gizakiek Jainkoaren laguntza behar dutela. Jeremias profetak arrazoi zuen: «Badakit, Jauna, gizakia ez dela bere jokabidearen jabe, ezin duela aukeratu bere ibilbidea» (Jeremias 10:23).

ZERGATIK ITXARON DU JEHOBAK HORRENBESTE DENBORA?

15, 16. a) Zergatik utzi du Jehobak horrenbeste denboran sufrimendua izaten? b) Zergatik ez ditu Jehobak Satanasek sortutako arazoak konpondu?

15 Zergatik utzi du Jehobak horrenbeste denboran sufrimendua izaten? Zergatik ez ditu gauza txarrak geldiarazten? Denbora behar izan da Satanasen aginteak porrot egin duela frogatzeko. Gizakiek gobernu mota guztiak probatu dituzte arrakastarik izan gabe. Zientzia eta teknologian aurrerapen handiak egin arren, inoiz baino injustizia, pobrezia, delitu eta gerra gehiago dago. Gizakiok ez gara gai geure burua gobernatzeko; Jainkoa behar dugu, dudarik gabe.

16 Hala ere, Jehobak ez ditu Satanasek sortutako arazoak konpondu. Hori egitean Satanasen agintaritzari laguntzen ariko litzateke eta Jehobak ez luke inoiz horrelakorik egingo. Gainera, gizakiek euren burua arrakastaz gobernatzeko gai direla pentsatuko lukete. Baina hori gezurra da, Jehobak badaki gizakiak ezin duela bere burua ondo gobernatu. Jehobak ez du sekula gezurrik esaten (Hebrearrei 6:18).

17, 18. Zer egingo du Jehobak Satanasek sortutako kalte guztia konpontzeko?

17 Konpondu al dezake Jehobak Satanas eta gizakien matxinadak sortutako kalte guztia? Bai. Jainkoak edozer lortu dezake. Behar den garaian esku hartuko du, Satanasen salaketa guztiz argitua izan ondoren. Orduan, lurra paradisu bihurtuko du, hasieratik zuen helburua betez. Hildakoak «hilobietatik aterako» dira betiko bizirako piztuz (Joan 5:28, 29). Jendea ez da inoiz gaixotuko, ezta hilko ere. Jehobak Jesus erabiliko du «deabruaren egintzak deuseztatzeko» eta honek sortutako kalte guztia konponduko du. (1 Joan 3:8). Bitartean, asko eskertzen dugu Jehobak pazientzia erakutsi izana. Izan ere, horrela, bera ezagutu eta gure Agintaria izatea nahi dugula erabakitzeko denbora izan dugu (Irakurri 2 Pedro 3:9, 10). Sufritzen dugunean ere aurrera egiten laguntzen digu (Irakurri 1 Korintoarrei 10:13).

18 Jehobak bera gure Agintari izango den ala ez erabakitzen uzten digu, ez gaitu behartzen. Gizakioi opari bat eman digu: aukeratzeko askatasuna. Ikus dezagun zergatik den opari hau ederra guretzako.

NOLA ERABILIKO DUZU AUKERATZEKO ASKATASUNA?

19. a) Zer opari bikain eman digu Jehobak? b) Zergatik eskertu behar dugu opari hau?

19 Jehobak ez gintuen animalien antzeko sortu. Ez gara agindutakoa soilik egiten duten makinak bezalakoak. Jehobak opari bikaina eman digu: gure lagunak nortzuk izango diren, pertsona onak edo txarrak izango garen eta gure bizitzarekin zer egingo dugun aukeratzeko askatasuna. Jehobak ez gaitu berari atsegin zaizkion gauzak egitera behartzen (Deuteronomioa 30:19). Guk bizitzaz gozatzea besterik ez du nahi.

20, 21. Zein da orain hartu dezakezun erabakirik onena?

20 Jehobak guk bera maitatzea nahi du (Mateo 22:37, 38). Aita batek bere haurrak «maite zaitut» bihotzez eta behartu gabe esaten duela entzutean, oso pozik jartzen da. Horixe gertatzen zaio Jehobari. Bera zerbitzatuko dugun edo ez aukeratzeko askatasuna eman digu. Satanasek, Adamek eta Ebak Jehoba baztertzea erabaki zuten. Zer erabakiko duzu zuk?

21 Aukeratzeko askatasuna Jehoba zerbitzatzeko erabili ezazu. Milioika lagunek erabaki dute Jehoba obeditu eta Satanas baztertzea (Esaera Zaharrak 27:11). Jainkoak bere mundu berrian sufrimendu guztia kenduko du. Zer egin behar duzu orain han egoteko? Hurrengo kapituluan erantzungo dugu galdera hau.

BIBLIA⁠-⁠IRAKASPENAK

1 JEHOBA EZ DA SUFRIMENDUAREN ERAGILEA

«Urruti Jainkoarengandik gaiztakeria, urruti Ahaltsuagandik bidegabekeria!» (Job 34:10).

Zergatik dago horrenbeste sufrimendu?

  • 1 Joan 5:19

    Munduaren agintaria Satanas Deabrua da.

  • Kohelet 8:9

    Gizakiak sufrimendua eragiten dio gizakiari.

  • Kohelet 9:12

    Jendeak une txarrean leku okerrean egoteagatik sufritzen du batzuetan.

  • 1 Pedro 5:7

    Jehobak asko maite ditu gizakiak eta ez du atsegin hauek sufritzen ikustea.

2 JEHOBAK AGINTZEKO DUEN ESKUBIDEA ZALANTZAN JARRI ZUEN SATANASEK

«Ongi daki Jainkoak [...] begiak zabalduko zaizkizuela, eta bera bezalako bihurtuko zaretela, dena ezagutzeko ahalmena lortuz» (Hasiera 3:5).

Zergatik ez zuen Jehobak Satanas berehala suntsitu?

  • Hasiera 3:2-5

    Satanasek Jehoba agintari txarra zela esan zuen. Ongi eta gaizki dagoena erabaki zezaketela sinestarazi nahi zien gizakiei. Jainkoak denbora igarotzen utzi zuen Satanas gezurtia dela frogatzeko.

  • Job 38:7

    Satanasek milioika aingeruren aurrean salatu zuten Jehoba.

3 SATANASEN DESAFIOAK PORROT EGIN DU

«Badakit, Jauna, gizakia ez dela bere jokabidearen jabe» (Jeremias 10:23).

Zergatik sufritu du gizakiak horrenbeste denboran?

  • Isaias 55:9

    Gizakiek gobernu mota guztiak probatu dituzte. Baina Jainkoa alde batera utzita, ezin izan dute arrakastarik izan.

  • 2 Pedro 3:9, 10

    Jehobak pazientzia duenez, denbora utzi digu bera ezagutu eta gure Agintari izateko aukeratu dezagun.

  • 1 Joan 3:8

    Jehobak Jesus erabiliko du Satanasek egin duen kalte guztia konpontzeko.

4 ERABILI AUKERATZEKO ASKATASUNA JEHOBA ZERBITZATZEKO

«Izan zuhur, seme: emadazu poz hori, eta izango dut zer erantzun gutxiesten nauenari» (Esaera Zaharrak 27:11).

Zergatik ez gaitu behartzen Jehobak bera zerbitzatzera?

  • Deuteronomioa 30:19

    Jehobak aukeratzeko askatasuna eman digu. Bera zerbitzatu nahi dugun edo ez aukeratu dezakegu.

  • Mateo 22:37, 38

    Jehobak maite dugulako zerbitzatu dezagun nahi du.

    Argitalpenak euskaraz (1992-2026)
    Amaitu saioa
    Hasi saioa
    • Euskara
    • Partekatu
    • Aukerak
    • Copyright © 2026 Watch Tower Bible and Tract Society of Pennsylvania
    • Erabiltzeko baldintzak
    • Pribatutasun politika
    • Pribatutasun konfigurazioa
    • JW.ORG
    • Hasi saioa
    Partekatu